XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); baiña ala ere nabaitzen du eztala arkitzen bakarrik edo Jesusgandik aldendua lurralde berri ontan: Jesusekin batean dagoela, eta oni eskutik elduta sartu dala Jainkotasunaren errian.

Leenbiziko egunak, egoera berri ontan, betetasunezkoak izan ziran.

Arimako mugak eta neurriak mukurutuak zeuden, aseak, ezpaiñetaraiño beteak, alde orotatik gaiñezka zeriola poza, gozoa, alegrantzia.

Jainkoaren aintza, gloria, zoriona dastatzen eta miazkatzen baitzuen.

Bein da berriz, eta iñoiz aspertzeke, ari zan Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari... otoitz labur au esan eta esan; eta batez ere bigarren ahapaldia ebakitzean (Asieran zan bezelaxe, orain eta beti, eta gizaldi eta gizaldietan. Amen), ezin esan alako pozjarioa sumatzen zuen erraietan: Jainkoak bere bere eta betidanik duen ezin galduzko gloria gogoratzen baitzitzaion.

Garai artan dena azaltzen zitzaion Jainkoaren gloria ortaz jantzirik, Gurutzeko Jesus bera ere bai.

Baiña betetasun au ezta luzaroko.

Zenbat eta aundiagoak izan Jainkoaren mesedeak, arimako bazterrak ere zabaltzenago dira, eta Jainko gosea ere gero eta geiago bizkortuaz eta geituaz dijoa.

Jainkoaren tasunekin artu-emanetan sartua degu gero Sor Angeles.

Tasunak, ots, atributuak, Jainkoaren bikaintasunak dira.

Oraingo ontan Justizia edo Zuzentasuna nabari zaio beste guztien artean zoragarri, maitagarri, desiragarri.

Ura beretu nai, artaz jantzi nai.